Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Lasarte

Habiaratutako portletak
Aktualitatea
Atzealdea

Martxan da kiroldegi munizipal berrirako ideien lehiaketa

Udalak lizitaziora atera du kiroldegi berrirako ideien lehiaketa eta oinarrizko eta gauzatzeko proiektuen idazketa, 338.416 euroan. Prozesuak bi fase izango ditu, bai eta herritarrek parte hartzeko prozesu bat ere.

2019·02·01

Jesus Zaballos alkateak, Agustín Valdivia hirigintzako zinegotziarekin batera, kiroldegi berria eraikitzeko ideien lehiaketako prozesuaren eta lizitazioaren baldintzak aurkeztu ditu. Kirol-ekipamendu berria gaur egun Michelingo kirol-esparruan atletismoko pistek hartzen duten eremuan egingo da.

Alkateak gogorarazi zuenez, gestioak egiten jarraitzen dute Usurbilgo Udalak ezarritako blokeoa gainditzeko eta Atsobakarreko kirol-ekipamendu berriaren eraikuntzari ekiteko, horrek atletismo pistak lekuz aldatzea ahalbidetuko bailuke. Zaballosek azpimarratu zuen lehenago egin zen parte-hartzezko prozesuan erabiltzaileek eta kirol-klubek planteatutako beharrak bete behar dituela kiroldegi berriak. Arkitekturako ekipoei dei egin zien lehiaketarako proposamenak aurkez ditzaten, hartara ahalik eta emaitzarik onena lortzeko.

Hirigintzako zinegotziak azaldu zuenez, prozesua lizitazio honekin eta ideien lehiaketarekin hasten da, aurkeztutako beharren programan oinarrituta. Proposamenak aurkezteko epea 35 egun naturalekoa da. Gainera, epaimahai bat eratuko da, alkateak eta hiru arkitektok osatua (udaleko arkitektoa, bulego teknikokoa eta beste bat, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak proposatuta), eta hari batuko zaio Hirigintzako burua, boto-eskubiderik gabe.

Epaimahaiak 5 proposamen aukeratuko ditu, eta horiei 35 eguneko epea emango zaie beren ideiak sakontzeko. Aldi berean prozesu bat egingo da, herritarren parte-hartzeari irekia, eta bertan azalduko dira dauden proposamenak, herritarrek azter eta balora ditzaten. Kontsulta hori ez da loteslea izango, proiektuaren konplexutasun teknikoa dela eta, baina epaimahaiak kontuan hartuko du.

Irabazle ateratzen ez diren 4 proposamenek 3.630 euro jasoko dituzte sari moduan; proposamen irabazleari, berriz, 4 hilabeteko epea emango zaio oinarrizko proiektua egiteko. Proiektu honek 125.972 euroko kostua du. Prozesu honek guztiak 2019ko abenduan amaitu behar du.

Behin oinarrizko proiektua entregatutakoan, Udalak, egoki baderitzo, enpresa berari adjudikatu ahalko dio gauzatzeko proiektuaren idazketa, edo beste lizitazio bat egin ahalko du. Gauzatzeko proiektuaren kostua 197.925 eurokoa da.

Onesten den proiektuak behar bezalako konponbidea eman beharko dio kiroldegi berria eraikitzearen ondorioz sortuko den kirol-eremu osoaren funtzionamenduari, bai eta Michelingo kirol-esparruan lehendik dauden kirol-guneei ere. Hona hemen kontuan hartu behar dituen beharren programa:

  • Zona hezea:
    • Igerileku handia 25 m-koa eta 10 kalekoa
    • Igerileku txikia 15 x 10 m-koa
    • Harmailak 200 lagunentzakoak
    • Zona lehorra
    • Sauna hezea
    • Dutxa ziklonikoa (kontrastekoa)
    • Erlaxazioko zona
    • Aldagelak: 3 unitate, beste 2 dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat, eta 2 pertsonalarentzat eta arbitroentzat
  • Zona lehorra:
    • 200 m²-ko 2 areto zona aerobikorako (pilatesa, aerobika, zumba...)
    • 300 m²-ko areto bat ariketa kardiobaskularrerako, 60 aparaturentzako tokiarekin (10 korrika-zinta, 10 eliptiko, 10 arraun-ergometro eta 20 bizikleta), eta luzaketak egiteko zona.
    • 300 m²-ko areto bat muskulaziorako
    • Indoor ziklismorako areto bat, 20 bizikletarentzako tokiarekin
    • 150 m²-ko tatamizko aretoa judoa, karatea... egiteko
    • 48 x 28 m-ko pista polibalentea (1.344 m²), 400-500 lagunentzako harmailak hiru gunetan banatzeko gortina bereizleak dituena.
    • Squasheko pista bat
    • Padeleko 2 pista
    • Jarduera guztien premiak asetzeko adinako aldagelak.
  • Zona komuna:
    • Administrazioa eta harrera-lekua: 6 lanpostutarako eta areto polibalente bat.
    • Komun nahikoak
    • Biltegiak eta botika-gela
    • Instalazioen zona
    • 300 m²-ko kafetegia, aparteko sarbidea duena.