Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Lasarte

Habiaratutako portletak
Aktualitatea
Atzealdea

Lasarte-Oriako toponimiaren web-orria eta nomenklator ofiziala sarean

Udalak 289 leku-izen eta 109 kale-izen ofizial bihurtu ditu.

2019·04·16

Lau urte baino gehiagoko lanaren azken emaitza da herritar guztiek eskuragarri dutena Udalaren web-gunean. Izan ere, 1989an, Aranzadi Zientzia Elkarteak Lasarte-Oriako toponimiari buruzko lehenbiziko lana egin bazuen ere, gehienbat ahozko lekukotzak jaso zituen eta oraingoan, berriz, artxibategi garrantzitsuenetako dokumentazioa aztertuz osatu da.

Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko 2001eko ordenantzak, Lasarte-Oriako Udalak, bere konpetentzia-barrutian, kale, bide, auzo, bailara, mendi, ibai, erreka eta, oro har, toponimia-mota guztien izendegi (nomenklator) ofiziala finkatuko zuela ezartzen zuen, hori bai, jatorri euskalduna, erromantzea edo erdalduna errespetatuz eta hizkuntza bakoitzari dagokion grafia akademikoa erabiliz.

Horrek berekin eskatzen zuen dokumentu-azterketa sakon bat egitea eta izen bakoitzaren forma normalizatuen proposamen bat lantzea.

Horrela, bada, 2016an Ikermap enpresari enkargatu zitzaion azterketa toponimiko zabal bat egitea, hartatik nomenklator ofiziala egin ahal izateko. Azkenik, 2018an argitaratu zen Lasarte-Oriako izendegi ofiziala Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta web-gune berri horrek azterketa toponimiko hori osorik jasotzen du, 700 toponimoko zerrenda osoa eta, gainera, 500 argazki baino gehiagorekin hornitua.

Informazioa guztion eskura dago helbide honetan: http://toponimia.lasarte-oria.eus/.