Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Lasarte

Habiaratutako portletak
Aktualitatea
Atzealdea

Kalisteniako parkea Urdaburu plazan eta hobekuntzak Antxisuko kirol-pistan, kirolen arloko inbertsio berrien artean

Udalak kalisteniako parke bat instalatu du Urdaburu plazan kirola egiteko. Oriako Antxisu auzoko kirol-pista ere hobetu du, eta kiroldegirako bizikleta berriak erosi ditu.

2020·07·22

Jadanik erabil daiteke Urdaburu plazan instalatu den kalisteniako parkea. Instalazio hori, guztira 20.047,58 euroko kostua izan duena, indarra garatzeko eta muskuluak indartzeko entrenaleku bat da.

Horrez gain, ping-pongeko mahai batzuk erosi dira Urdaburu plazan bertan jartzeko, argiztapena eta sareak Antxisuko kirol-eremuan jarri dira, eta kiroldegiko bizikleta batzuk berritu egin dira.

Kristeniako parkea

Kalisteniako parke bat kanpoko joko finkoak dituen gune bat da, gorputzaren pisua baliatuz ariketa fisikoak egiteko. Entrenamenduzko diziplina horrek indarra garatzen eta muskuluak indartzen laguntzen du.

Parkea Sasoeta auzoan dago kokatua, Urdaburu plazan zehazki, eta herritarrei kalean kirola egiteko aukera ematen dien beste gune bat da.

Herritarren eskaera bat zen, eta, kirol-teknikariak aztertu eta mota horretako instalazioen erabiltzaileen eta sektoreko enpresen artean hainbat bilera egin ondoren, diseinu adostu horren alde egin da, erabiliko dituztenen beharretara egokituta.

Obra COVID-19aren pandemiagatik alarma-egoera deklaratu baino lehentxeago amaitu zen, eta ezin izan da ireki harik eta osasun-agintariek horretarako baimena eman diguten arte. Horrela, bada, Lasarte-Oriak badu jada kalisteniako parke bat, eta Udalak gogorarazi nahi du, baldin eta herritarrek horrelako instalazioak ondo erabiltzen eta arduraz zaintzen badituzte, aire libreko kirol-espazioez gozatzeko aukera izango dugula.

Instalazioa gauzatzeko, bi kontratazio egin dira:

  • Alde batetik, parkeko elementuen kostua dago, eta hori Jolas enpresari adjudikatu zaio, 9.339 euroan.
  • Bestetik, parkeko segurtasunezko zoladura egokitzeko lana Juegos Infantiles Mompark S.L. enpresari adjudikatu zitzaion, 10.709 euroan.

Udalak ping-pongeko bi mahai erosi ditu, kanpoan jartzekoak, eta aurki instalatuko dira Urdaburu plazan, 3.872 euroko kostuarekin, Kirol Aukera enpresak hornituta.

Beste jarduketa batzuk

Kalisteniako parkea udaleko kirol-zerbitzua aurtengo urtean zehar kanpoko kirol-instalazioei dagokienez egiten aritu den beste jarduketa batzuei gehitzen zaie, beste interbentzio hauek ere egin baitira:

  • Antxisu auzoan Buruntzazpi kirol-pista egokitzea, baloiak kirol-esparrutik irtetea eragotziko duen sare perimetral bat ipiniz, 4.178 euroko kostuarekin, Sarelan enpresari adjudikatua. Gainera, zerbitzu munizipalek argiztapen artifizialez hornitu dute kantxa. Argi hori sakagailu baten bidez aktibatzen da, beste kanpoko kirol-instalazioetan bezala, hartara erabiltzaileek instalazioan argia denbora jakin batez izan dezaten.
  • Kiroldegiko kardio-eremuan 9 bizikleta berritu dira, 15.685 euroko kostuarekin (5 bizikleta Keiser eta 4 Tunturi), Argysan eta Kirol Aukera enpresei erosita.