Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Lasarte

Habiaratutako portletak
Aktualitatea
Atzealdea

Euskararen 10. Maratoia eta Euskaraldia bat eginda etorriko dira datorren urtean

Euskararen 10. Maratoia urriaren 17 eta 18an izango da datorren urtean eta 15 eguneko Euskaraldiarekin uztartuta egitea onartu du herriko euskalgintzaren LasarteTop topaketen 2. edizioan.

2019·12·06

Euskararen Nazioarteko Eguna aitzakiatzat hartuta, Lasarte-Oriako euskalgintza lanean aritu da abenduaren 3an. Udaleko Euskara Batzordeko lehendakaria den Jon Antxordokik adierazi moduan, 2020 urteko lanak antolatzeko aprobetxatu dute eguna.

Helburu horrekin, 2016. urtean 1. edizioa izan zuen LasarteTop topaketak egin dituzte. Hain zuzen ere, herriko euskalgintzaren topaleku izan nahi duen gunearen 2. Edizioa antolatu da eta bertan bildu dira iaz Euskaraldiaren antolaketan ibilitako hainbat herritar eta erakunde.

2018ko emaitzak

Euskaraldiak Euskal Herri mailan izan zituen emaitza nagusiak gogoratzeaz gain (225.000 pertsonek eta 400 baino herri gehiagok parte hartu zuten), Soziolinguistika Klusterrak Lasarte-Oriako Euskaraldian parte hartutakoekin egindako ikerketaren berri eman zen topaketetan. Parte hartu zuten 3.000 herritarren artean %62a izan zen ahobizi eta 38a belarriprest. %61 emakumezkoa, %38 gizonezkoa eta %1 ez-binarioa.

Euskaraldiak iraun zuen 11 egunetan zehar parte-hartzaileek egin zuten euskararen erabilerak 14 puntu egin zuen gora eta hiru hilabetera egindako neurketan 8 puntuko igoera mantentzen zen hasierako egoerarekin. Informazio gehiago nahi duenarentzat ikerketaren emaitzak euskara-zerbitzuan daude eskuragai.

Nerabeak Euskaraldian

Horretaz gain, ordea, iaz ikerketa-ekintza berezi bat egin zen gure herrian. Hain zuzen ere, 12 eta 16 urte bitarteko nerabeekin egin zen dinamika hori Oriarte institutuaren, Ttakunen eta Udalaren elkarlanari esker burutu ahal izan zen. Ikerketa Jaurlaritzak eta Aldundiak diruz lagundu dute eta Ebete enpresak zuzendu zuen. Hain zuzen ere, bertako arduradun den Iñaki Eizmendik azaldu zuen egindako lan erraldoia eta ondorioztatu da nerabeekin ere ahobizi eta belarriprest rolen metodologia erabil daitekeela, baldin eta behar diren baldintzak eta lanketak ongi egiten badira.

Iazko esperientzian 440 gaztek (institutuko ikasleen %60ak) parte hartu zuen ahobizi edo belarriprest modura eta %30ak aitortu zuzen ohikoa baino askoz euskara gehiago erabili zutela. %60ak dio biko harremanetan ohikoa baino euskara gehiago erabili duela eta %90ak espero du aldaketa iraunkorra izango dela.

Hori guztia dinamizatzeko ikasle-talde bakoitzarekin lau saio egin ziren (100 baino gehiago guztira) eta gazte eragileen bi batzorde ere sortu ziren institutuan.

2020 indartsua

Datorren urtean urte berezia dator berri ere eta orain lau urte bezala, Euskararen Maratoia ospatu eta bizitzeaz gain, Euskaraldiak bere II. edizioa izango du. 2016an 40 ordutik 40 eguneko sei asteko erronka izan zen eta ahobizi eta belarriprest rolak Okendo plazan jaio ziren urtea izan zen. Eta datorren urtean ere Euskal Herri osoko herri gehienetan biziberrituko dira, kasu honetan 15 egunez, azaroaren 20tik abenduaren 4ra.

Horretarako, Ttakun kultur elkarteko Mari Karmen Ormazabalek adierazi zuen Lasarte-Oriak jadanik eman duela izena Euskaraldian. Irailetik aurrera ahobizi eta belarriprest modura izena emateko modua egongo da eta bereziki Euskararen 10. Maratoian ere ikuspegi horrekin lanketa bereziak egiteko prestaketa lanekin hasiak daudela esan zuen.

Berrikuntzak Euskaraldian

Ahobizi eta belarriprestez gain, ordea, ariguneak ere sortuko dira hala erabakitzen duten entitate guztietan. Entitatea enpresa handi bat edo denda bat edo futbol talde bat izan ahal da eta entitate bakoitzak erabakiko du arigunerik sortuko duen bere erakundean. Ariguneak, euskaraz lasai aritzeko guneak izango dira, zeinetan kide guztiek ulertzen duten euskaraz eta gehiengoaren adostasuna duen 15 egun horietan harremanak euskaraz bideratzeko, bakoitza ahobizi edo belarriprest izanink.

LasarteTopen adierazi dute hasita daudela herriko entitateetara joaten eta urte berria hasitakoan egingo dituztela gonbidapenak, nahi duen erakundeak ariguneak sortzeko prozesuan parte har dezan. Hala nahi duten entitateek uztaila baino lehenago eman beharko dute izena.