Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Lasarte

Habiaratutako portletak
Aktualitatea
Atzealdea

Etapa berri bat hasi du Euskaraldiak, egindakoaz harro eta 12. egunari begira

Antolatzaileek balantze bikaina egin dute eta parte-hartzaile guztiak zoriondu dituzte.

2018·12·13

Udaleko Euskara Batzordeko lehendakaria den Jon Antxordokik eta Ttakuneko lehendakaria den Tomas Arrizabalagak prentsaurrekoa hasi dute lasarteoriatar guztiei zorionak ematen.

Hasteko, zorionak eman dizkie etxeetako balkoietan puntua jarritako herritar guztiei. Izan ere, biek azpimarratu dute Lasarte-Orian Euskaraldia azaltzeko eta parte hartu nahi zutenei buruz buru aukera emateko egin den ahalegin berritzailea oso ongi atera dela. Etxe guztietan ondo hartuak izateaz gain, herritar guztiek Euskaraldiak adierazi nahi duenarekiko atxikimendua azaltzeko balio izan duela uste baitute, euskara ulertu ala ez.

Jarraian, Lasarte-Orian puntu izan diren 1.849 ahobiziak eta 1.151 belarriprestak zoriondu dituzte. Izan ere, ulermenetik erabilera gehitzera egin nahi dugun bidearen aktibatzaile nagusi bihurtu direla azpimarratu baitzuten.

Eta azkenik, lanean aritu diren guztiak zoriondu dituzte, bai etxez etxe bisitari ibili ziren boluntario guztiak, bai ikastetxe, elkarte, lagunarte, denda eta edozein harremanetan hizkuntza-ohituren aldaketarako euren aletxoa egin duten herritar guztiak eta bai, bereziki, astero-astero lanean aritu den talde eragileko kideei eta hamaikakoari. Beraiek gabe ezinezkoa izango zen horrelako egitasmo erraldoi bat mugiaraztea.

Armairuaz harro

Bi ordezkariek azpimarratu dute Euskararen 9. Maratoiak izan duen garrantzia. Orain bi urte egindako esperientzia horretan oinarritu da Euskal Herri osoko Euskaraldia eta lasarteoriar guztiak harro egoteko motibo on bat gehiago dugula nabarmendu dute. Harro, aitzindari izateaz, harro ahobizi eta belarriprest herrian jaio izanaz eta harro baita ere gauzak egiteko eredu bat esportatu izanagatik. Lasarte-Orian 3.000 partaide izan ditu Euskaraldiak eta 220.000 izan dira Euskal Herrian. Agian, inoiz, inon, hizkuntza gutxiagotu bateko hiztunek euren hizkuntza-ohiturak astintzeko egin den ariketa sozial handiena izan da.

Elkarlana oinarri

Horren harira, Udalaren eta Ttakunen arteko elkarlana giltzarri izan bada ere, Antxordoki jaunak esan zuen  azpimarratzekoa dela baita ere alderdi politiko guztiek egitasmoa ahobatez onartu izana. Arrizabalaga jaunak, horretaz gain, herriko ikastetxe, gazte erakunde, euskaltegi, elkarte, denda eta eragile sozial guztiek emandako babesa eta azaldutako inplikazioa ere goraipatu zituen. Ez da erraza gizarte bateko pertsonen hizkuntza-ohituren aktibazio masibo bat egitea, baina, neurri handi batean, elkarrekin lan egin izanari esker, lortu da.

12. eguna

Eta egindako guztia eginda ere, biek azpimarratu dute Euskaraldiarekin ez dela ezer amaitu. Agian, hizkuntza-ohituren aldaketa erdigunean jarri duen dinamika berri bat hasi da, eta, hala izan bada, pozgarria izango da dudarik gabe. Baina, 11 egunetakoa entrenamendu bat izan da eta 12. egunean, txapa soinean eraman ala ez, hizkuntza-ohitura berriak gorputz barrura sartu eta finkatzeko garaia zabaltzen dela gogorarazi dute eta hala izatera animatu dituzte ahobizi eta belarriprest guztiak.