Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Lasarte

Habiaratutako portletak
Aktualitatea
Atzealdea

Elkarte, denda eta enpresek Euskaraldian izena emateko aukera irekita dago

Jadanik herriko 51 entitatek eman dute izena eta ariguneak osatuko dituzte aurtengo Euskaraldian Lasarte-Orian.

2020·09·15

Udaleko euskara batzordeko lehendakaria den Jon Antxordokik eta Ttakun Kultur Elkarteko kudeatzaile Jokin Guridik herriko entitateak gonbidatu dituzte euren erakundeen baitan ariguneak osatzera eta Euskaraldian parte hartzera. Euskaraldia azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egingo da, eta berrikuntza da, aurreko edizioan bezala banaka parte hartzeko aukera izateaz gain, kolektiboki ere egin ahal izango dela, erakunde gisa izena emanez.

Erreferenteak

Euskara zerbitzuko teknikaria den Marifer Gorostizak azaldu zuen entitate guztiengana banan bana joatea ezinezkoa denez, eremu bakoitzeko hainbat entitateengana jo dutela orain arte eta hala nahi izan duten horiek izan direla izena eman dutenak gaur arte.

Establezimendu komertzialen artean, hauek dira izena eman dutenak: Acha-Orbea farmazia, Ana ile-apaindegia, Bikain diseinua, Borobil arkitektura, Carretero liburu-denda, Ibaiondo fisioterapia, Labe Goxo okindegia, M. Berasategi kafeak, M. de Miguel farmazia, Maite Erkizia ile-apaindegia, Maya lentzeria, Noaoa bidaiak, Okela harategia, Orbela belar-denda, Orue farmazia, Pikabea aseguru artekariak, Rakel masajista, Saltogela psikomotrizitatea, Urbistondo farmazia, Urruzola mertzeria.

Elkarteak: Buruntzaldea IKT, Erketz EDT, Intza KE, Kukuka, Ostadar SKT, Sorgin Jaiak, Ttirriki Ttarraka, Txistulariak, Xirimiri eta Zabaleta Auzolan.

Enpresa handiak, berriz, hauek: Aldaz Hortz Klinika, Aldika, Aldikar, CEI Prebentzioa, Digitalak Mobiles, Factory Logistika, JEMA, Setalde, Telesonic.

Horietaz gain, Lasarte-Oriako Udalak, Ttakun kultur elkarteak berak eta irakaskuntza alorreko eragile hauek guztiek: Andre Joakina haurreskola, Burunzpe guraso elkartea, HHI-EPA, Landaberri guraso elkartea, Landaberri ikastola, Muntteri-AEK euskaltegia, Oriartekide guraso elkartea, Oriarte institutua, Sasoeta-Zumaburu ikastetxea eta udal Euskaltegia.

Zer dira ariguneak?

Ttakun Kultur Elkarteko kudeatzaile den Jokin Guridik azaldu zuen ariguneak euskaraz lasai aritzeko guneak direla. Edozein erakundek, enpresa, denda, zein elkartek, erabaki dezake arigune bat osatzea. Baldintzak dira, ariguneko kideak izango diren guztiek euskaraz ulertzea eta gehienak (%80a) ados egotea arigune bezala aritzeko Euskaraldian.

Edozein kasutan, entitateen izaeren arabera, bi arigune-mota osa daitezke. Izan daiteke barne edo kanpo arigunea. Barne arigunea izango da erakunde barneko ohiko dinamika “finkoa” duen taldea denean, adibidez, elkarrekin lan egiten duen langile taldea, departamendu bateko langileak, elkarte bateko zuzendaritza edo saskibaloiko taldea. Kanpo arigunea, berriz, izango da, herritarrekin ahozko harremana euskaraz egiteko aukera bermatzen den kasuan. Beti, gutxienez belarriprest bat egongo da bertan. Adibidez, bulegoko harrera edo bezeroa zerbitzatzeko komertzioa.

Orain arte izena emandako 51 entitate erreferenteek barne edota kanpo arigunea(k) osatu dituzte eta Euskaraldiak iraungo dituen bi asteetan zehar euskaraz arituko dira ariguneko kideen artean, batzuk ahobizi eta besteak belarriprest izanez.

Gonbidapena gainerako entitateei

Aste honetatik aurrera, herriko gainerako entitateek (enpresak, komertzioak, elkarteak edo beste edozein erakundek) Euskaraldian parte hartzeko gonbita jasoko dute. Edozein zalantza izanez gero, Udaleko euskara-zerbitzura (943-376184) edo Ttakun Kultur Elkartera (943-371448) dei dezakete. Kontsulta egin eta izena eman ere Euskaraldiaren webgunean egin daiteke: https://euskaraldia.eus

Entitateek izena emateko epea irailaren 30ean bukatuko da.

Ahobizi eta belarriprest

Entitateez gain, norbanakoek ere parte hartu ahal izango dute Euskaraldian, aurreko edizioan egin zen bezala. Horretarako, ahobizi edo belarriprest bezala eman beharko da izena, baina hori urritik aurrera egingo da.

Web edukia bistaratu

COVID-19 mapa. LASARTE-ORIA

Legenda
  Azken 14 egunetako kasuak 100.000 biztanleko
400 kasu edo gehiago
300 eta 399 kasu artean
60 eta 299 kasu artean
60 kasu edo gutxiago
Eraginik gabe edo 5.000 biztanle baino gutxiago udalerrian
 

 

*Datuen jatorria: OpenData Euskadi

**14 eguneko tasa 100.000 biztanleko. Tasak kalkulatzeko EUSTATen Biztanleen Udal-Erroldaren Estatistikan 2020ko urtarrilaren 1erako argitaratutako biztanleria hartzen da.