Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Lasarte

Habiaratutako portletak
Aktualitatea
Atzealdea

Deseskalada Udal Kirol Zerbitzuan

Buruntzaldeko udalerriekin koordinatuta egutegi orientagarri bat ezarri da kirol-instalazioak irekitzeko. Gainera, Udal kirol-instalazioetarako ikastaroengatik eta abonamenduengatik ordaindutako tarifen zati proportzionala itzultzeko izapideak hasi dira

2020·05·25

Lasarte-Oriako udal-kirol zerbitzua, egun dugun deseskalatze fasean, Buruntzaldea osatzen duten udalerriekin koordinatuta, prestaketak egiten ari da, bai ikastaroen eta abonuen kuotak itzultzeko, baita udalerriko kirol-instalazioak pixkanaka irekitzeko ere.

Instalazioak pixkanaka irekitzea

Buruntzaldea osatzen duten udalerriekin koordinatuta (Andoain, Urnieta, Usurbil eta Lasarte-Oria), egutegi orientagarri bat ezarri da kirol-instalazioak irekitzeko.

Lehenengo etapan, maiatzaren 25tik, kanpoko instalazio irekiak zabalduko dira (frontoiak, tenis-pistak, skate-pista, lasterketa edo martxa egiteko zirkuituak Michelingo udal-kirolgunean). Bigarren etapan, Michelingo pilotaleku itxia irekiko da. Maialen Chourraut kiroldegia (gimnasioen gunea) hirugarren etapan irekiko da. Laugarren etapa batean udal igerilekua irekitzea aurreikusten da.

Oraingoz, instalazioen erabilera banakakoa izango da (teniseko pistetan bi pertsona gehienez) edo edukiera txikikoa.

Udal kirolguneko eta kiroldegiko instalazioetarako sarbidea abonua aktibo duten pertsonentzat bakarrik izango da. Erabilera, aldez aurreko hitzorduarekin bakarrik egin ahal izango da (ez aurrez aurre), kiroldegiko telefonora deituz (943 376182), eta honako datu hauek adieraziz: izen-abizenak, zein udalerritako abonatua den, adina eta telefono-zenbakia.

Pertsona bakoitzak astean gehienez bi saio erreserbatu ahal izango ditu.

Etapa honetan aldagelak eta komunak itxita egongo dira, beraz, erabiltzaileek nahitaez instalazioetara maskara, kirol-arropa eta banakako eskuoihalarekin sartu beharko dute.

Oso garrantzitsua da erabiltzaileek, instalazioak sartu eta erabiltzen dituztenean, orain inoiz baino gehiago, segurtasun-neurriak betetzea (gutxienez bi metroko tartea, erabiltzaileen arteko gurutzaketak saihestea, erabilitako materialak garbitzea eta desinfektatzea…) eta transmititzen zaizkien erabilera-jarraibideak betetzea (instalazioetako sarbideak, irteerak eta zirkulazioa).

Udal kirol zerbitzuaren bulegoak astelehenetik ostiralera ematen du telefono bidezko arreta, 9:00etatik 13: 00etara, asteazkenetan 17:00etatik 19: 00etara.

Ikastaroak eta abonamenduak itzultzea

Udal kirol-instalazioetarako ikastaroengatik eta abonamenduengatik ordaindutako tarifen zati proportzionala itzultzeko izapideak hasi dira, pandemiak eragindako nahitaezko itxieragatik baliatu ezin izan direnak.

Itzulketak banku-transferentzia bidez egingo direnez, itzuliko diren kuoten ordainketa helbideratuta ez duten pertsonek lehenbailehen bidali beharko dizkiote kiroletako udal zerbitzuari beren kontu korronteko datu guztiak.

Datuak emateko, Kirol Zerbitzuko posta elektronikoa kirolak@lasarte-oria.eus erabiltzea gomendatzen da. Jakinarazpena telematikoki egiteko baliabiderik ez duten pertsonek telefonoz (943 376182 zenbakia) jarri beharko dute harremanetan udal kirol zerbitzuarekin, datuak nola entregatu zehazteko.

Lehenik eta behin, martxoaren erdialdean bertan behera geratu ziren ikastaroen kuotak itzuliko dira.

Hurrengo etapan, kirol-instalazioetarako abonu-kuotak itzuliko dira.