Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Lasarte

Habiaratutako portletak
Aktualitatea
Atzealdea

Azken astea Euskaraldian izena emateko

Datorren ostegunean edo ostiralean, 10:00etatik 13:00era eta arratsaldetan 16:00etatik 19:00etara, jaso behar da txapa Okendon. Eguraldi txarra egingo balu, berriz, Loidibarren frontoian prestatuko da azpiegitura bera.

2020·11·13

Azaroaren 20an, datorren ostiralean, hasiko da Euskaraldia. 15 egun iraungo du eta abenduaren 4an amaituko da. Momentuz 1.407 pertsonek eman dute izena, 1.051 herritarrek ahobizi rolean eta 356k belarriprest.

Jon Antxodokik, Euskara batzordeko lehendakariak eta Mari Karmen Ormazabalek, Ttakuneko lehendakariak, eman zituzten ostegunean kopuruak eta adierazi, kontutan izanik zein baldintzetan ari garen antolatzen Euskaraldia, pozik daudela herritarren parte-hartzearekin.

NOIZ, NON eta NOLA jaso txapa

Arduradunek adierazi zuten hilaren 18an eta 19an, datorren ostegunean eta ostiralean, Okendo plazan jarriko diren mahaietan jaso beharko dela bakoitzari dagokion txapa. Goizetan 10:00etatik 13:00era eta arratsaldetan 16:00etatik 19:00etara jaso behar da. Eguraldi txarra egingo balu, berriz, Loidibarren frontoian prestatuko da azpiegitura bera.

Okendon edo Loidibarrenen izan, mahaiak abizenka egongo dira antolatuak eta bakoitzak bere abizenari dagokion mahaira inguratu beharko du eta bertan txapa jaso. Edozein kasutan, antolatzaileek gomendatzen dute norberaren txapa jasotzeaz gain, hainbat kiderena ere jasotzea, haiekin hala egitea adostu ondoren: etxekoena, lagunena... Horrela jende gutxiagok hurbildu beharko du plazara. Ondoren, pertsona hori arduratuko da txapa bakoitza dagokionari banatzeaz.

Bestalde, 2018ko edizioan parte hartu duten lasarteoriatarrek, eta txapa ordutik gordeta edukiz gero, behintzat, ez dute berria jaso beharrik izango. Txapa iguala izango da.

Txapa jaso ondoren, hala nahi dutenek, Photocall-ean argazkia atera ahalko dute.

Pandemiak eragindako egoera tarteko, antolatzaileek neurriak hartuko dituzte: garbiketa, distantziak eta abarrak.

BELARRIPRESTei deia

Antolatzaileek euskaraz ulertzen duten herritar guztiei gonbita luzatu diete, beldurrik gabe, Euskaraldian izena eman eta dituzten hizkuntza-ohiturei astindu berri bat emateko. Bereziki belarriprest izan ala ez zalantzan dauden herritarrei luzatu diete izena emateko proposamena. Belarriprest rolak norberaren zein ingurukoen hizkuntza-ohiturak aldatzen laguntzen duela azpimarratu dute, euskaraz gehiagotan egiteaz gain, ingurukoei hala aritzeko gonbidapena egiten baitiete belarriprest direnek.

Izena emateko azken astean sartuta gaude eta antolatzaileek gogorarazi zuten izena emateko bide guztiak irekita daudela: diptikoa bete eta bertan zehazten diren puntuetakoren batean utzita, Igune ibiltarira (triziklora) hurbilduz, QR bidez edo on-line helbide honetan: https://izenematea.euskaraldia.eus/