Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Lasarte

Habiaratutako portletak
Aktualitatea
Atzealdea

Ahobizi edo Belarriprest, izena emateko aukerak aurkeztu dituzte

Izena eman ahal izango da Ahobizi edo Belarriprest bezala bai on-line, bai paperean herriko 25 tokitan

2018·09·19

Irailaren 20tik azaroaren 22ra arte Euskaraldian parte hartu ahal izateko izena eman ahal izango da Ahobizi edo Belarriprest bezala, bai digitalki (www.euskaraldia.eus helbidean), bai paperean, herriko 18 komertziotan, ikastetxe eta euskaltegi guztietan eta udaletxean eta Ttakunen.

Euskaraldia bera, 11 egun euskaraz jarduteko ariketa sozial masiboa, azaroaren 23tik abenduaren 3ra izango da Euskal Herri osoan zehar. Euskaraldiak Lasarte-Orian Izan puntu! du izena.

Jon Antxordoki Udaleko euskara batzordeko lehendakariak eta Tomas Arrizabalaga Ttakuneko lehendakariak azpimarratu dute harro egoteko moduan gaudela lasarte-oriatarrak, izan ere, orain bi urte Euskararen 9. Maratoian sortu eta gauzatutako hizkuntza-ohiturei astindu bat emateko ideia hura baita aurten Euskal Herriko ia 400 herritara zabalduko dena.

 

Webgunea eta sare sozialak

Webgunea: http://lasarte-oria.euskaraldia.eus/

Twitter: https://twitter.com/EusMaratoia/

Facebook: https://www.facebook.com/EusMaratoia/

Instagram: https://www.instagram.com/euskaraldia_lasarteoria/

Youtube: https://www.youtube.com/channel/UCfgwJLxyTZcMlWIiG1UOQKw

 

11 egunetan zehar

Estitxu Garmendia hamaikakoteko kideak azaldu duenez, berriz, hainbat ekintza eta tresna prestatzen ari dira aurten ere ahalik eta lasarte-oriatar gehienek parte har dezaten proiektu honetan. Adibide modura erakutsi ditu web-orria (www.lasarte-oria.euskaraldia.eus) eta hurrengo asteetan sare sozialetan (Twitter @EusMaratoia, Facebook @EusMaratoia eta Instagram euskaraldia_lasarteoria) zabalduko diren abesti, bideo eta bestelakoak, nahiz eta iragarri duen aurrerago sorpresa gehiago ere izango direla. Gazteei eta helduei herriko Euskaraldia sare sozialetan zabaltzera ere gonbidatu ditu,  #izanpuntu traloa erabiliz.

Garmendiak adierazi du baita ere, oraingo honetan, gauza batzuk hobetu eta errazago ere izango direla, nazio-mailan egiteak, adibidez, komunikabide handietan asko azaltzea ondorioztatuko duelako eta horrek erraztu egingo duelako herritarrengana iristea. Eta 11 egunetan zehar ere, aurrekoan jende askok txapa Lasarte-Orian bakarrik erabiltzen bazuen ere, oraingoan Euskal Herri osoan eraman ahal izango dugu, Lasarte-Oriatik kanpo ere oso zabaldua egongo delako. Euskara ulertzen duten herritar guztiak puntu izatera, Ahobizi edo Belarriprest modura izena ematera gonbidatu ditu.

 

Izena emateko tokiak

Naiara Mujika Ttakuneko dinamizatzaileak gogoratu du digitalki izena eman ahal izateaz gain, izena emateko diptikoak eta diptikoak beteta bertan uzteko aukera egongo dela toki hauetan guztietan: Adats ileapaindegia, Berasategi kafeak, Carretero liburudenda, Eztiphoto argazki-denda, Jalgi, Josema burdindegia, Labe-Goxo okindegia, Larrañaga harategia, De Miguel farmazia, Maite Erkizia ileapaindegia, Maya lentzeria, Orbela belardenda, Ormazabal loradenda, Orue farmazia, Pikabea aseguruak, Urbiztondo farmazia, Zabaletako Auzoko-denda, Baserritarrentzako albaitaria, Landaberri, Sasoeta, Oriarte ikastetxeak eta EPA, Muntteri-AEK eta udal euskaltegia, Ttakun eta udaletxea.