Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Lasarte

Habiaratutako portletak
Aktualitatea
Atzealdea

Abenduaren 2an hasi zen Aterpearen Eguberrietako kanpaina

Merkatari eta ostalarien Aterpea elkarteak abenduaren 2an abiatu zuen Eguberrietako Kanpaina. Establezimendu bakoitzak eguberrietako produktuen sorta bat zozkatuko du bere bezeroen artean abenduaren 27an

2019·12·10

Ramon Ormazabalek, Aterpeako lehendakariak, lehenik eta behin, bere esker ona agertu zuen Lasarte-Oriako Udalaren aldetik eta Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Sailetik jasotako babesagatik. Era berean, eskerrak eman zizkien komunikabideei bere jarduerari zabalkundea emateagatik, bai halaber jarduerak guztiz ondo ateratzeko elkarlanean aritu diren herriko elkarteei eta jardueretan laguntzen buru-belarri aritu diren pertsona edo establezimendu bazkideei.

Eguberrietako kanpainaren barruan, lehendik ere egindako Pintxoaren Ibilbidearekin hasi zen. Parte-hartze handia izan du, eta haren sariak datorren abenduaren 11n banatuko dira.

Eguberrietako loteei dagokienez, abenduaren 2tik 27ra iraungo du kanpainak, eta parte hartzen duten 40 bazkideak girlandekin, begiztekin eta alfonbra gorriekin nabarmenduko dira. Komertzio horiek txartelak emango dizkiete beren establezimenduetan erosten duten bezeroei. Txartel horietan, bezeroak bere izena eta telefono-zenbakia ipini beharko ditu, gero txartel-ontzian sartzeko.

Abenduaren 27an, establezimendu bakoitzak bere zozketa egingo du, eta kontaktuan jarriko da bere eguberrietako produktuen sorta irabazi duen pertsonarekin.

Bestalde, aurten erakusleihoen lehiaketari ekin zaio berriz ere. Abenduaren 9tik 14ra bitartean izango da, eta 18 establezimenduk parte hartuko dute. Ikastaro bat egin dute 3 astez, erakusleihoak apaintzeko teknika berriak ikasteko, hala nola produktuen aurkezpena.

Lehiaketa honetarako epaimahai profesional bat eta herritar bat egongo dira.

Profesionalekoak dekoratzaileak izango dira, eta establezimendu guztiak ikusiko dituzte. Epaimahai herritarrari dagokionez, bi partetan banatzen da. Alde batetik, udalerriko entitateak, 3 irizpideren arabera bozkatuko dutenak, eta bestetik herritarrak. Horiek etxean flyer bat jasoko dute, non erakusleiho politena zein den jarri ahalko duten. Flyer horiek horretarako prestatutako hautestontzietan utzi ahalko dituzte, parte hartzen duten komertzioetan. Sarien banaketa abenduaren 19an egingo da Udaletxean.

Egun horietan Lasarte-Orian kontsumoa dinamizatzeko eta bezeroak fidelizatzeko ekimenak dira, eta aldi berean bezero berriak lortzeko pizgarri bat.

Aterpeak urtarrilaren 4an herrian barrena ibiliko den Txu-Txu tren batean bidaiatzeko aukera eskainiko du. Trenak 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara bitarteko ordutegia izango du.

Jardueren aurkezpenari amaiera emateko, Nuria Fernández sozioekonomiako zinegotziak eskertu egin zuen Aterpeak herriko merkataritzaren aldeko jarduera horiek aurrera ateratzeko egiten duen ahalegina, eta Udalaren izenean bere lankidetza eskaini zuen etorkizunerako.