Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Lasarte

Habiaratutako portletak
Aktualitatea
Atzealdea

2019ko San Pedro jaietarako programa aurkeztu dute

Udaleko eta gizarteko zenbait ordezkarik atzo aurkeztu zuten aurtengo jaien programa. Ekitaldian, Txus Alonso festetako zinegotziak lankidetza eskertu zien entitate parte-hartzaileei, eta programaren parte aipagarrienak aletu zituen

2019·06·17

Jesus Zaballos alkatea eta aurtengo programan kolaboratzen duten entitateetako ordezkariak lagun zituela, Txus Alonso zinegotziak, hasteko, bertan bildutakoei eskerrak eman zizkien beren lankidetzagatik eta konpromisoagatik, laguntza horri esker lasarteoriatarrok festa partizipatiboagoez gozatzeko aukera izango baitugu. Aurrekontua, herriko elkarteekiko hitzarmenak eta dirulaguntzak barne, 155.254,76 eurokoa da.

Txus Alonsok nabarmendu zuenez, aurtengo festek 120 proposamen izango dituzte, barrea, umorea eta dantza bermatuko dizkigutenak.

Ohikoa den moduan, eta herriko entitateek sortzen dituzten jarduera guztiak kokatu ahal izateko, jaien aurreko egunetako jarduera tradizionalak ere izango ditugu, ekainaren 15ean hasita.

San Joan gaueko sua, hilaren 23an, Andatza Plazan egingo da, eta, ohikoa den moduan, Erketzen, Albokaren eta Zero Setteren kolaborazioa izango du San Joan zortzikorako.

Hilaren 23an ere, berriro ekingo zaio Gipuzkoan Gazte Tour jarduerari, maiatzean bertan behera utzi behar izan baitzen eguraldi txarrarengatik.

Jaiak ekainaren 28an abiatuko dira, 12:00etan udaletxe zaharretik jaurtiko den haurren txupinazoarekin, eta uztailaren 1eko astelehenera arte luzatuko dira. Hilaren 28ko arratsaldean helduen txupinazoa izango da, omendutako Aterpea elkartekoak bertan direla.

Kontzertuei dagokienez, Okendo plazan izango diren eta jadanik ezagutzera eman diren 5 handiez gain (ostiral 28an Hesian eta Mconak, larunbat 29an Onintze, Huecco eta La Regadera), Isla eta Jaizkibel plazetako berbenak ditugu. Aurten, nabarmentasun eta indar handiago eman nahi izan zaie, eta, horretarako, garrantzi handiagoko taldeak ekarri dira. Dúo Imperial taldea aurten berriro izango dugu, iaz izan zuen harrera ona ikusita.

Aurten, umoreari dagokionez, dagoeneko finkatuta dauden txirigotez gain, beste urte batzuetan bezala, nazio mailan garrantzizkoenetakoa den txaranga dibertigarri bat ere etorriko da. Bi proposamen horiei Bokabeats bikote komikoaren emanaldia gehituko zaie larunbat 29an. Bi gazte komiko horiek oso ezagunak dira Euskal Herri inguruan, eta haien ikuskizunetan oso presente dago beatbox-aren erabilera. Eta igande 30ean monologozko arratsalde bat izango dugu, non Mikel Bermejo herriko komiko eta umoristak barre eginaraziko baitigu José Campoy cadiztarrarekin batera.

Bi DJ saio izango dira. Batean, 70eko, 80ko eta 90eko hamarkadako musika-soinuak izango dira, eta bestea, jaietako azken egunean, gazte eta nerabeei zuzendua izango da.

Aurten aurreko urteetan baino kaleko jarduera askoz gehiagoz gozatzeko aukera izango dugu: antzezlanak, zirkuko ikuskizunak, txarangak, musika, etab. Esate baterako, Ugarte Anaiak txalapartari ezagunen emanaldia eta Trapu Zaharrak konpainiaren antzerkia.

Kirola ere ez da faltako jaietan, eta pilota-partida tradizionalak, herri-kirolak eta bi erakustaldi izango ditugu: bata patinajekoa eta bestea gurpil-aulkiko palakoa.

Bestalde, Txus Alonso zinegotziak azpimarratu zuen Udalak lanean jarraitzen duela kulturaren eta festen arloko jarduerak deszentralizatzeko, eta, horretarako, aurten zenbait gune prestatu direla, hala nola Andapa oinezko kalea edo Sagardotegi kalea, non. egunezko jarduerak izango baitira.