Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Lasarte

Habiaratutako portletak
Aktualitatea
Atzealdea

"Parapetasonik" musika-festibalaren 5. edizioa aurkeztu dute

Geldialdi luze baten ondoren, Lasarte-Oriara itzuliko da "Parapetasonik" musika-festibala, rock-estiloen hainbat modalitate eskainiz. Uztailaren 27an 5 talderen musikaz gozatu ahalko dugu Andatza plazan.

2019·07·23

Jesus Zaballos Lasarte-Oriako alkateak Parapetasonik-en zenbait antolatzailerekin batera aurkeztu zuen festibalaren 5. edizioa. Rock-musikaren errepresentazio bariatua eskaini nahi duen festibala, haren bertsio leunenetik hasita hardcore edo trash eta death metal estiloetatik pasatuz.

Parapetasonik antolatu gabe 5 urte igaro ondoren, festibalaren antolatzaileak Lasarte-Oriaren erdigunera ekarri nahi izan dute apustu musikal hau. Hori dela eta, 5 taldeek beren musika eskainiko dute uztailaren 27ko larunbatean arratsalde eta gau osoan Andatza plazan. Antolatzaileek adierazi zutenez, oraingo honetan, eta lehen aldiz, Euskaditik kanpoko talde bat arituko da, Bartzelonako Bellako, azken festibaletan hainbeste hizpide eman duena.

Festibala bazkari herrikoi batekin hasiko da 14:30etan, 15 euroko prezioan, Andatza plazan. Parapetasonikek herriko merkataritzarekin eta ostalaritzarekin dituen harremanak sendotu nahi dituenez gero, bazkalondoan kalejira musikala egingo da festibalarekin kolaboratu duten tabernetan zehar. Bazkari-txartelak Furia Beltza, Trumoi eta Avenida tabernetan erosi ahalko dira.

17:30ean DJ bat Andatza plazako giroa animatzen hasiko da, eta kontzertuak 18:00etan abiatuko dira lehen taldearekin. Kontzertuek 45 eta 60 minutu bitarteko iraupena izango dute, honako ordena honi jarraituz:

  • 18:00etan: Rodeo, Zestoakoa
  • 19:05ean: Overloud, Donostiakoa
  • 20:30ean: Lampr3a, Gipuzkoakoa
  • 22:10ean: Bellako, Bartzelonakoa
  • 23:30ean: Legen Beltza, Azpeitikoa

Festibala amaitzeko, DJ batek girotutako after party batez gozatu ahalko dugu 00:30etik 3:00etara.

Alkateak jaialdira hurbiltzera animatu zituen herritarrak, musika-estilo ezberdinak ezagutzeko aukera honetaz gozatzera, eta antolatzaileei Lasarte-Oriako kaleetara itzuli izana eskertu zien. Udalak Parapetasoniken 5. edizioarekin kolaboratu du 6.700 euroko dirulaguntza emanez eta ekitaldirako beharrezko azpiegitura jarriz.

Antolatzaileek gogorarazi zuten festibalaren jatorria zenbait taldek Parapeto zaharrean egiten zituzten proba-saioak izan zirela. Festibala berriro antolatzeko asmoa hartu zutenean, zerbait bereziagoa izan behar zuela erabaki zuten, eta horrek eraman ditu Zital Sessions ekimena burutzera, Gipuzkoako 5 herritan 14 saio eginez. Horrek balio izan die hainbat herritako musikari eta antolatzaileekiko harremanak sendotzeko. Azpimarratu zuten beste alderdi bat da beste festibal batzuen antolatzaileekin ezarritako harremana: Bizkaiko Dimetal eta Metal Fabrika, Nafarroako Desolation eta Iparraldeko Buru Beltz.