Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Lasarte

Habiaratutako portletak
Aktualitatea
Atzealdea

"Klima aldaketa" da ikasturte honetako eskolako agenda 21erako landu duten gaia

Lasarte-Oriako Lehen Hezkuntzako bi ikastetxeetako 1.300 ikasle inguru ibili dira aurtengoan ere EA21 programan murgilduta

2020·07·15

Erronka polita zuten, klima aldaketari aurre egitea. Baina Covid19a etorri da gure artera eta dena hankaz gora jarri du. Ezin izan dute bere ikastetxeetara itzuli eta EA21 programa martxorarte landutako lekuan geratu da.

Ordurarte, sentsibilizazio jarduerak egiten aritu ziren, hau da, ia egunero, kalean eta komunikabideetan entzuten zuten KLIMA ALDAKETAri buruz hitz egiten, baina, “zer da?”, “nola eragingo digu?”,  “jabetzen al gara arazoaz?”...

Aldi berean, ikastetxeak, bere barne diagnostikoa egin zuten, “gure eguneroko kontsumoek ba al dute eraginik klima aldaketan?”, “nola lantzen da klima aldaketa gure ikasgai ezberdinetan?”, “zer egin dezakete ikasleek eskolako energia kontsumoa gutxitzeko?”, “nola murriztu eskolako eragina klima aldaketan?”…  Eta guzti honekin ikastetxeetako Txoko Berdeak elikatu zituzten.

Programa amaitzeko, ikasle ordezkariak elkartu ziren eta egindako lana bateratu zuten. Ateratako emaitzekin, Udalean aurkezten den azken txostena sortzen da. Aurtengoan, txostena sortu dute bere irakasle eta Artelatz Ingurumen enpresaren laguntzarekin. Txosten horren kontaketa, ikasle ordezkariek, bere etxeetan egin dituzten grabazio txikien bidez aurkeztu dute.

Datorren ikasturtean ikasgeletatik eta, oro har, gure udalerritik bertatik lan egin ahal izatea espero dute.

ETA HURRENGO IKASTURTEA?

Bestalde, irailetik aurrera Eskolako Agenda 2030 hasiko da, gaur egun arte ezagutu dugun EA21 ordezkatuz. Agenda berri honek Garapen Iraunkorreko 17 helburu ditu.

Hurrengo ikasturtean adibidez, herri diagnostiko mailan, Garapen Iraunkorrerako 17 helburuetatik, 15. helburua landuko da, lehorreko ekosistemen ingurukoa, baina oso helburu zabala denez, basoan oinarrituko da lanketa.